Elgoibarko lehenengo itzulia - 1927
Elgoibarren egin zen lehenengo mendi itzuliak jatorri bitxia du, benetan. Dirudienez, herriko zenbait koadrilaren arteko eztabaidak izan ziren froga hau antolatzearen arrazoi nagusi.
Bazen garai hartan “Café Amistad” izeneko txoko, Foruen Enparantzan kokatua. Bertan biltzen ziren herritarrak sarritan. Lagunartean gai ezberdinei buruz hitz egiten zuten batzuetan, alde zein kontrako iritziak bitarteko, eztabaidak ere pizten zirelarik. Azken hauetako baten oinarria ondokoa izan zen: koadrila batzuek Elgoibarri itzulia mendiz 12 ordutan ematea ezinezkoa zela zioten bitartean, beste batzuk baietzaren aldekoak ziren. Garai hartan Elgoibarko alkate zen Antonio Arrillaga tirabira hauen lekuko izan ohi zen. Behin, horrenbeste denbora hitzen inguruan nahasi beharrean, Elgoibarko Futbol Klubari froga bat antolatzea proposatu zion alkate jaunak. Hartara, herritar guztiek jakingo zuten posible ote zen itzulia 12 ordutan egitea ala gehiago beharko zen.
Proposamenak aurrera egin zuen, eta komisio antolatzailea berehala osatu zen: Demetrio Vallejo (Elgoibarko Futbol Klubeko lehendakaria), Martín Iglesias (Elgoibarko Futbol Club-eko idazkaria), Tomas Zubizarreta (medikua) eta Isaak Azpiazu (Elgoibarko Futbol Taldeko bozeramailea).
Epaimahaiko kideak aurreko lau gizonak, Jose Zuazubizkar eta Satur Unzilla ziren.“Domingo Muguruza Otaño” izena eman zitzaion itzuliari. Gazte eta beteranoak, denak prest zeuden parte hartzeko. Gogo eta ilusiorik ez zen falta, partehartzaileez gain herritarrak ere irrikatan zeuden eguna noiz iritsiko.
1927ko abuztuak 7. Hau izan zen aukeratu zuten data. Egun horretan, gainera, diru bilketa bat egin zen Bazigalupe mendizalea zenaren emazte eta seme-alabei laguntzeko. Bazigalupe, Aldapeko Harkaitzean hil zen mendi istripuz. Eta iritsi zen, azkenean, 1927.eko abuztuaren 7. Eguzkiari aurre hartu zaitzaion egun hartan. Jaiari hasiera eman zitzaionean zerua ilun zegoen oraindik. Goizeko lauretan izan zen meza santua, partehartzaileek, egun berezia zen arren, elizara joateko aukera izan zezaten, igandero bezala.
Bostak eta laurdenetan, Antonio Arrillaga alkateak itzuliaren hasiera eman zien beteranoei: Modesto Iriondo, Pablo Etxaniz eta Victor Alberdi “Patxillo” ezaguna. Bostak eta erdiak aldera minutu bateko isiltasuna eskatu zen Bazigalupe zenaren oroimenean. Eta jarraian mendizale gazte eta sasoitsuek Maltzagarako bidea hartu zuten. Elgoibarko I. Itzulia martxan zen!
Hasiera batean elgoibartarrek hartu zuten aurrea, baina eibartarrek ere ondotxo ezagutzen zuten ibilbidea, eta atzetik zituzten, berehala. Urnobitzara Teodoro Barrenetxea elgoibartarra iritsi zen lehena, bi ordu eta sei minutuko denborarekin. Hemen, sailkapen hoberena lortzen zuren taldearentzat garaikur bat zegoen, “Atlético de Madrid-ek eskainia”. Elgoibartarrentzat izan zen saria.
Sasiolatik igarotzean Andres Espinosa zornotzarra zen nagusi, atzetik Demetrio Unanue elgoibartarra, lau minutura. Poliki-poliki Espinosak zazpi minutuko aurrea hartu zion Unanueri; zortzi minutu, bederatzi... Urkarregitik pasatzean, hamabost minutuko aldea zegoen bi mendizaleen artean. Elgoibartarrak, ordea, ez zuen atzean geratu nahi eta toki jakinetan partehartzaile guztiei eskaintzen zitzaien jana ez zuen hartu nahi izan, denborarik ez galtzearren. Baina gorputza zaindu beharra dago. Demetrio Unanue Kalamuara lur jota iritsi zen eta Satur Unzillaren laguntza behar izan zuen.
Foruen Enparantzan zegoen helmuga, frontoian. Jendez gainezka inguru guztia. Zurrumurruak entzuten ziren han-hemenka, lehenengo postuan ea nor iritsiko. Txankakua zubia hain zegoen jendez betea apenas zen posible pausorik ematea.
Andres Espinosa mendizale bikaina iritsi zen aurrena, txapeldun. Itzulia egiteko zortzi (8) ordu eta sei (6) minutu behar izan zituen. Lehenengo elgoibartarra Teodoro Barrenetxea izan zen. Zortzi (8) ordu eta berrogeita lau (44) minutuko denborarekin, bosgarren postuan sartu zen.
Posible zela erakutsi zuten. Elgoibarko itzulia zortzi ordu pasatxotan egin zuen lehengoak. Hasierako hamabi ordu haietatik urruti xamar geratzen zen denbora,dudarik gabe.
1927eko itzuli honek demaseko arrakasta izan zuen. Elgoibarren inoiz egin den lehenengo “ibilaldi atletikoa”, eta bakarra, hau dugu. Ondorengo guztiak “Ibilaldi neurtuak” izan dira. Zein den bien arteko ezberdintasuna? Lehenengoan ea nor azkarrago iritsiko da kontua, lasterketa antzeko bat. “Ibilaldi neurtuan” aldiz, aurretik ezartzen den denbora batera ahalik eta gehien hurbildu behar dute partehartzaileek. Erregulatuan ez dago galtzailerik, denak dira irabazle. |